Atzo iluntzean Sandiusterrin egin zen plenarioarekin abiatu da atez atekoaren parte-hartze prozesua. Mahaian egon ziren Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea, San Markoseko Mankomunitateko lehendariordea Imanol Azpiroz, Hernaniko ingurumen zinegotzia Izaskun Txintxurreta, Hernaniko udaleko ingurumen teknikaria Olatz Urrutibeaskoa, hondakinen kudeaketan aditua den Jordi Colomer eta parte-hartze prozesuetan aditua den Nikola Foroni.

Marian Beitialarrangoitiak azaldu zuen hondakinen kudeaketa desberdinak aztertu ostean erabaki duela Udalak atez ateko bilketaren aldeko apustua egitea. Izan ere, sistema hori da herritarren osasuna bermatzen duen bakarra.
Jordi Colomer-ek, hondakinen kudeaketan adituak, orain arteko kontenedoreen bilketa eta bosgarren kontenedorea alde batera utzi eta atez ateko bilketaren alde egiteko datuak eta argumentuak eman zituen. Jordi Colomer-en arabera, bosgarren kontenedorearekin lortzen den gaikako bilketa-maila ez da nahikoa gaur egun indarrean dagoen legedia betetzeko eta erraustegiarekin konbinatuta soilik funtzionatzen du. Horrez gain, erraustegiak herritarron osasunarengan sortzen dituen arriskuak azpimarratu zituen. Sortzen dituen hondakinen %20 toxikoak dira, eta gainera, eraginkorra eta ekonomikoki bideragarria izateko gaikako bilketa-maila baxua izatea eskatzen du.
Bere aldetik, Izaskun Txintxurretak atez atekoaren bideragarritasun ekonomikoa azaldu zuen. Atez ateko bilketa ez da gaur egungo sistema baino garestiagoa izango. Berritasun gisa, atez atekoarekin merkatariek sortzen duten hondakin-kantitatearen arabera ordainduko dutela jakinarazi zuen.

Lehen plenario horretan adin guztietako 120 lagun elkartu ziren. Galdera ugari egin zen eta batzuk hurrengo asteetan egingo diren bileretan argituko badira ere, jendearen kezka eta interesaren erakusle izan ziren guztiak. Herritar batek baratze edo jardinik gabeko bizilagunek autokonposta egiteko aukera izan dezaten leku publiko batean autokonpostagailu bat jartzeko aukera aztertzeko galdetu zuen. Horri erantzunez, Jordi Colomer-ek esan zuen esperientziak erakusten duela autokonpostagailu kolektiboetan lortzen den konposta kalitate eskasekoa izaten dela.Beste batek paƱalak birziklatzeko zailtasuna azpimarratu zuen eta izan zen kontsumo arduratsua ere sustatu behar dela irizten dion herritarrik ere.
Lur azpiko kontenedoreen inguruan galdetuta, alkateak jakinarazi zuen eraikitzen ari diren hiru urbanizazioetan ez dela lur azpiko kontenedorerik jarriko, ezta aurrerantzean eraikiko direnetan ere. Atez ateko bilketarako zintzilikagailuak non jarriko diren galdetuta, berriz, parte-hartze prozesuko bileretan erabakiko dela jakinarazi zen. Zentzu horretan, alkateak lasaitasunerako eta pazientziarako mezua transmititu zuen eta, beste behin, herritarrak bileretan egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen, gisa horretako kezkak bertan argituko baitira eta hori baita herritarrentzat ahalik eta sistema egokiena eta erosoena lortzeko bidea.

Bilera, datorren astelehenean, hasiko den bilera-erronda gogoratuz amaitu zen. Hurrengo hitzordua astelehean Sandiusterrin, 19:30ean.
RSS
Iruzkina gehitu
hernaniko udala
atez atekoaren informazio bulegoa | kardaberaz kalea, 25 | 900 840 090 |